Berria 2016-12-15 / Gorka Berasategi Otamendi

Naroa Anabitarte (Tolosa, Gipuzkoa, 1979) Neurozientzietan doktore da, eta Antropologiako lizentziaduna. Bi jakintza horiek uztartuz ikertu du herrien zapalkuntzak burmuinean duen eragina. Menderatuen psikologia izeneko hitzaldia eskaini zuen atzo, Orreagak Donostian antolatu dituen jardunaldietan; Gure erakundeak izenburupean arituko da gaur. Orreagako kide ere bada, eta jardunaldien nondik norakoak azaldu dizkio BERRIAri. Asteartean hasi ziren, eta gaur izango da azken saioa, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean (18:30).

Argazkia: Gorka Rubio Argazki Press
Zein da jardunaldien helburua?
Kezka da abiapuntua. Herri honetan hutsune nabarmena dugu politika lantzeko orduan. Gure esparrua herri zapaldu batena bada ere, egoera politikoari buruzko analisiak egiterakoan, ez da kontuan hartzen egoera horren eragina. Zapalduak egongo ez bagina bezala funtzionatzen dugu.
Politikako kontzeptu asko nola gizarteratzen diren eta kalean nola erabiltzen diren, gure kalterako da. Kontzeptuen nahasmena ere gure egoeraren ondorio da. Horri aurre egiteko lehen pausoa gogoeta egitea da.

Politikaren oinarrizko kontzeptuei buruzko solasaldiak izan ziren jardunaldien lehen egunean.
Asteartean oinarrizko kontzeptu politiko batzuk landu genituen. Jendeak oro har eta politikan jarduten dutenek ere hainbat kontzeptu erabiltzen dituzte gure herri zapalkuntza kontuan hartu gabe. Demokrazia edo bakea hitzak, adibidez. Politikaren oinarri-oinarrian dauden ideiak landu ditugu, edozein gizartetan ulertu beharko liratekeen kontzeptuak.

Zein erabilera oker egiten da?
Adibidez, gaurko egunean bada joera bat, arazo nazionala eta arazo sozialak bereiztekoa. Diskurtsoetan entzuten da: «Gizarte gaietan adostasunak ditugu, baina arlo nazionalean, ez». Herri baten identitatearen barruan daude gizarte arazoak, txertatuta daude. Gauza bera gertatzen da ekonomiarekin eta identitatearekin ere. Identitate nazionala etiketa soil bat balitz bezala aipatzen da, eta guk pentsatzen dugu gai estrukturala dela, gainontzeko guztiarekin erabat lotuta dagoela.

Orreagak azpimarratu du nazio guztientzat dela garrantzitsua erreminta politikoak erabiltzen jakitea, baina zapaldutako nazioentzat hil edo bizikoa dela.
Nazio zapalkuntza aipatu, eta ematen du identitatea bigarren mailako arazoa dela, baina zapalkuntza nazionalaren azken helburua herri horren desagerpena da. Beraz, zapalduta dagoen nazioak bi aukera ditu: lehenbailehen independentzia berreskuratu eta bere joko arauak ezartzea, edo zeharo asimilatu eta hiltzea. Ez dago orekarik nazio zapaltzaile eta zapalduaren artean. Horrelako egoerak beti izaten dira trantsiziozko egoerak, batak edo besteak irabazi arte. Ondorioz, herri zapaldu batek ondo jakin behar du nazioarteko politikak nola funtzionatzen duen eta bere kartak ongi nola jokatu.

Bi hitzaldi emango dituzu: Menderatuen psikologia izenekoan mintzatu zinen lehenengo, eta Gure erakundeak izenburupean solastatuko zara ondoren.
Menderatuen psikologian esandakoa zeharo lotuta dago orain arte komentatu dugunarekin. Menpeko egoeretan, azpiratuak zapaltzailearen begirada barneratzen du, eta gu ez gara salbuespena. Egoera horri buelta emateko lehen pausoa zapalkuntzaz ohartzea da.
Biharko [gaurko] hitzaldian, berriz, instituzioei buruz ariko gara. Instituzioak dira gizarteen jokabideak erregulatzen dituztenak. Herri honetan, erakunde hitzaren azpian sartzen dira egiaz instituzio ez direnak, eta are gutxiago gureak. Gabezia bat nabarmenduko dugu: gure instituzio propioena. Gizarte jokabideak gure nortasunetik erregulatuko dituzten instituzioak izatearen garrantziaz ariko gara.

Estatuaren berreskuratzea izango duzue saio horretan gai nagusi. Zein beste hitzaldi izango dira?
Gure erakundeak solasaldiaren ostean, estatu propioa martxan jartzeko beharrari begira jarriko gara. Aurretik, ekonomia eta estatu egitura lotzen dituen hitzaldia emango du Mikel Erauskinek. Amaieran, hiru egunetan jorratu ditugunak marrazkitan laburbilduko ditu Asisko Urmeneta marrazkilariak.

Euskal Herriak bere estatua berreskuratzeko beharraz ohartarazi duzue. Zein analisi egiten duzue egoera politikoaz?
Instituzionalizazio propio batek ekarri beharko luke gure herriaren egituraketa politikoa, gure identitatean eta nortasunean oinarrituta. Herria bat da, eta ez dira hiru zati. Instituzionalizazioak esan nahi du gure arauak ezartzea, gure balioen eta interesen arabera. Erakunde deitzen zaien horiek, azkenean, beste instituzio nazional batzuen errailean txertatuta dauden egiturak dira. Estrategia nazionalak derrigorrean joan behar du hortik aparte.
Norbaitek erabaki dezake, kontraesanaz jakitun, egitura horien barruan lana egitea beste bidea elikatzeko. Baina, egun ez bezala, ez ditugu gure indar guztiak erakunde horietan jarri behar.

Zein erronka ditu Orreagak?
Lan ideologiko handia egin beharra dago, eta horretan ari gara. Bestalde, estrategia nazional bat martxan jartzeko indar handia dagoela ikusten dugu, baina ikusi beharko dugu indarrak metatzeko gai garen, gure helburu berberak dituzten talde eta norbanakoekin batera.


Asisko Urmeneta marrazkilariak laburbildu du gaurkoa: "gure eguzki sistema
sortu behar dugu, txurikeriaren bi eguzki sistema horien artetik".




http://www.berria.eus/albisteak/129198/politikaldia_nazio_estrategian_jardunaldiak_antolatu_ditu_orreagak.htm

"Politikak duen garrantziaz eta zentraltasunaz" ohartuta antolatu ditu Orreaga taldeak Politikaldia Nazio Estrategian izeneko jardunaldiak. Elkarteak "ezinbestekoa" deritzo zientzia politikoaren arauak ezagutzea, "zein diren eta nolakoak, politikaren xake taulan aritzeko eta irabazteko". Testuinguru horretan antolatu ditu jardunaldiak. Donostian aurkeztu dituzte, Koldo Mitxelena Kulturunean. Helburua: "Geure menderakuntza arazo estrukturalari aterabidea ekar diezaiokeen errealismo politikoaren ardatzak zeintzuk diren herritarrei jakinarazi eta helaraztea".

Hiru eguneko jarduna izango da, eta gaika antolatu dituzte egunak. Abenduaren 13an Politikaren Oinarrizko Kontzeptuak goiburu hartuta ariko dira. 18:00etan Olatz Zugasti kantari eta musikariak egingo du jardunaldien aurkezpena. Mahai ingurua ondoren: Norabide politikoa gazteen ikuspuntutik. EHUko eta Mondragon Unibertsitateko ikasleek hartuko dute parte. Ondoren, egoera politikoaren diagnosia egingo du Jesus Arregi EHUko irakasleak. Atsedenaldia artekoa, Izaskun Elezgarai EHUko eta UEUko irakasleak osatuko du. 20:00etatik aurrerako bi hitzaldiak Mikel Erauskin ekonomilariak eta Ane Ablanedo NUPeko eta UEUko irakasleak emango dituzte. Aurrenekoaren hitzaldia: Politika: subjektu ala objektu izan. Bigarrenarena: Demokrazioa ala herri menderatua?

Abenduaren 14an Burujabetasunetik goiburupean ariko dira. Arratsaldeko lehenengo partean (18:15-19:00), Asier Ipiñazar ingeniaria batetik, eta Pako Aristi idazlea bestetik. Azken partean (19:20-20:30), Naroa Anabitarte EHUko irakaslea batetik, eta mahai ingurua bestetik: Joxe Manuel Odriozola idazlea eta Eneko Bidegain idazle, kazetari eta irakaslea.

Abenduaren 15a izango da azken eguna. Estatuaren Berrezarpena goiburuduna. Arratsaldeko lehenengo partean (18:15-19:00), Mikel Erauskin ekonomilaria ariko da batetik, eta Naroa Anabitarte bestetik. Azken partean (19:20-20:30), Ane Ablanedo irakaslea eta Asisko Urmeneta irudigilea.


Indar harremanetan dago oinarrituta politika, identitateen arteko indar harremanetan. Identitate horiek herriak dira. Ezinbestekoa da jakitea zein herrirekin identifikatzen garen, jakiteko zein jokotan sartu eta zeinetan ez. Historiak erakutsi duen bezala, herri batzuek besteak azpian harrapatzen dituzte. Hor jadanik bi identitate mota ageri dira; beraz, bi politiko ikuspegi, bi joko, bi interes. Azpian geratu diren identitateei, ordea, menderatzaileak sinetsarazten die joko araua bakarra dela eta hortik kanpo ez dela deus, beste identitaterik badenik ere ukatuz.

Herri baten egoerari buruz eta haren diagnosiaz hitz egiterakoan, ezinbestekoa da abiagune zuzena hartzea eta politika zer den jakitea.

Herri zapaldu batek zuritu behar duen lehen arazo soziala arazo nazionala da. Indarrak ongi neurtuz, “egoten” jakinik, zelatan, baina beti subjektu politikoa izanez, inoiz ez objektua.


Kontzeptu dinamikoa dugu burujabetasuna. Herriek eguneroko ekintza guztietan mantendu eta erabili beharrekoa, hain zuzen ere.

Herri psikologian erraietaraino barneratu dugun gutxiagotasun konplexua gaindituz, parean topatzen ditugun oztopoen gainetik, errealitatea geure ikuspegitik islatuko digun hizkuntza erabiliz, geure baitatik sortutako eta geure interesen araberako komunikazioa behar dugu gaurtik. Horren guztiaren iraupenaren bermea izango den politika propioa egitearekin batera, jakina.


Euskal herriak inoiz ez dio uko egin bere nazio izaerari, ezta orain hamabi mende eraiki zuen eta bortzaz kendu zioten estatuari ere. Estatua bahitua duen herri batek bere erakundeak indargabetuak ditu, eta agerian daudenak itxurazkoak dira: menderatzen duten estatuek ordezkatu dituzte, kontrolatzeko eta ekintzak moldatzeko. Gure arbasoen garaietan bezala, gaur egun ere, munduko subjektu politikoak estatuen bidez garatzen dira, eta bere estatua deuseztatua duen herri bat ez da inor harreman politikoen jokoan, ez da existitzen, ez ekonomian eta ez beste alor guztietan. Estatu propioa da, gaur egun ere, herri baten ongizatearen eta iraupenaren alde borrokatzeko bide bakarra.


Munduaren gorabeherei begiratu besterik ez dago politikak duen garrantziaz eta zentraltasunaz ohartzeko. Nazioen bizitzaren norabidearen gidari ukaezin izanik, politika ongi erabili beharreko tresna zaio edozein herri edo estaturi, munduan norbait izan nahi badu gutxienez. Horretarako, ezinbestekoa da zientzia politikoaren arauak ezagutzea, zein diren eta nolakoak, politikaren xake-taulan ongi aritzeko eta irabazteko, nork bere helburuak erdiesteko. Jakintza horren garrantziaz oso jakitun dira munduko estatu guztiak, baina geurea bezalako herri menderatuontzat, garrantzitsua ez ezik, hil edo bizikoa ere bazaigu, geure trebezia politikoari esker baino ez baititugu lortuko hain beharrezkoak ditugun askatasuna eta burujabetza.

Estatu baten etorkizunaren gidari izanen diren belaunaldiak politikarako egoki prestatzea oso finki zaindu beharreko diziplina da. Geurean, euskal unibertsitate nazional baten faltan, presazko zeregina da gizarte-zientzien eskola propio baten beharra. Geure errealitatea izendatu, aztertu eta konpontzeko tresnak ez baitzaizkigu emanen hemen ofizialak baina arrotzak diren unibertsitateetako ikasketen bitartez, bistan dena.

Orreagak, hainbat pertsona independienteekin elkarlanean eta UEUren laguntzarekin, POLITIKALDIA Nazio Estrategian izenburupeko politika-jardunaldia antolatu du, geure menderakuntza-arazo estrukturalari aterabidea ekar diezaiokeen errealismo politikoaren ardatzak zeintzuk diren herritarrei jakinarazi eta helarazteko asmoz.