Aurkezpena


Munduaren gorabeherei begiratu besterik ez dago politikak duen garrantziaz eta zentraltasunaz ohartzeko. Nazioen bizitzaren norabidearen gidari ukaezin izanik, politika ongi erabili beharreko tresna zaio edozein herri edo estaturi, munduan norbait izan nahi badu gutxienez. Horretarako, ezinbestekoa da zientzia politikoaren arauak ezagutzea, zein diren eta nolakoak, politikaren xake-taulan ongi aritzeko eta irabazteko, nork bere helburuak erdiesteko. Jakintza horren garrantziaz oso jakitun dira munduko estatu guztiak, baina geurea bezalako herri menderatuontzat, garrantzitsua ez ezik, hil edo bizikoa ere bazaigu, geure trebezia politikoari esker baino ez baititugu lortuko hain beharrezkoak ditugun askatasuna eta burujabetza.

Estatu baten etorkizunaren gidari izanen diren belaunaldiak politikarako egoki prestatzea oso finki zaindu beharreko diziplina da. Geurean, euskal unibertsitate nazional baten faltan, presazko zeregina da gizarte-zientzien eskola propio baten beharra. Geure errealitatea izendatu, aztertu eta konpontzeko tresnak ez baitzaizkigu emanen hemen ofizialak baina arrotzak diren unibertsitateetako ikasketen bitartez, bistan dena.

Orreagak, hainbat pertsona independienteekin elkarlanean eta UEUren laguntzarekin, POLITIKALDIA Nazio Estrategian izenburupeko politika-jardunaldia antolatu du, geure menderakuntza-arazo estrukturalari aterabidea ekar diezaiokeen errealismo politikoaren ardatzak zeintzuk diren herritarrei jakinarazi eta helarazteko asmoz.



0 iruzkinak:

Argitaratu iruzkina